EUSKAL HERRIA BAI : PROGRAMA  BIDEOA IKUSI.

1/ Instituzioa.
EUSKAL HERRIA BAI-k
Bat egiten du euskal departamenduaren inguruan, Baterak kontsulta baten antolatzeko bultzatzen duen eskariarekin : euskal herritarrer, gai instituzionalari begira erabakitzeko aukera eskaini behar zaie.
Abertzale bezala, eskumen zabaleko kuadro instituzionala aldarrikatzen dugu Ipar Euskal Herriarentzat. Kuadro instituzional honek, gure geroaren jabe izateko aukera bermatuko digu, horretarako inportanteak diren konpetentzi eremuak gure esku utziz, horien artean : garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, « mugaz-gaindiko » harreman delakoak, hizkuntz eta kultura politika.

2/ Euskara.
EUSKAL HERRIA BAI-k aldarrikatzen duena :
Euskararen berreskurapen osoa, hots, Euskal Herriko jendearentzat bizitza publikoan frantsesa bezainbat komunikazioa hizkuntza bilaka dadin.
Euskararen koofizialtasuna, hots frantsesaren pareko legezko onarpena
o Munduan ez baita lege babesik gabe bizirik atxiki eta berreskuratu den hizkuntza gutxiturik
o Hizkuntza politika eraginkorra xutik ezartzeko ezinbesteko gakoa baita
o Euskal hiztunei euskara jaso, transmititu eta bizitzako alor guztietan erabiltzeko eskubidea bermatzeko
· Hizkuntza politika publiko ausarta abian jartzea, diruz behar bezala hornitua, helburu, lehentasun, epe eta ebaluaketa irizpideak argiki finkaturik, herriko etxetik Estatuko administrazioraino, instituzio guztiak inplikatzen dituena eta euskararen alde ari diren herri mugimendu eta elkarteekin koordinatua.
eskola amaitzerakoan haur guztiak benetako elebidun bilakatzen dituen Hezkuntza sistema (eta hirugarren zein laugarren hizkuntza baten ezagupena bermatzen duena).

3/ Gatazka gainditzeko prozesua, presoak eta iheslariak.
EUSKAL HERRIA BAI koalizioak euskal gatazkaren gainditzeko negoziazio prozesu politikoa behar beharrezkoa dela aldarrikatzen du, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen onarpenean finkatua. Hauxe da 2006ko apirilaren 15an eragile andana batek izenpetu zuen oinarrizko hitzarmen demokratikoaren izpiritua : “Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan.”
Prozesu politiko honek ondoko punduak aipatu eta bermatu behar ditu :
Euskal Herri osoko eragile politiko eta sozial guztien parte hartzea ;
Euskal preso politikoen kolektiboaren parte hartzea eta horretarako haien estatutu politikoa onartu eta euskal herriratzea berehala gauzatzea ;
Pertsonengan gatazkaren ondorio guztien konponketa eta besteak beste, preso eta iheslarien arazoarekin batera, urte askotako alde guztietako bortizkeriaren biktimena ere.

4/ Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak.
EUSKAL HERRIA BAI-entzat,
Euskal Herria, zazpi lurraldeetan banaturiko Nazio bakarra da. Zazpi lurralde horien arteko harremanak sakonduz, garapen orekatu eta jasangarria eta justizi sozialean oinarrituriko Euskal Herria eraikitzea da gure xedea.
Nazio aldarrikapen honetatik haratago, europar testuinguran, delako “mugaz-gaindiko” harremanen bitartez, Euskal Herri osoaren mapa garapen eremu erreferentziala gisa agertzen ari da geroz eta sektore zabalagoentzat.
Hori dela eta, hainbat sailetan, lehentasunezko harremanak landu eta lan-ildo amankomunak jorratu behar ditu Ipar Euskal Herriak, Hego Euskal Herriarekin : garraio azpiegituren planifikazioa, garapen ekonomikoa, unibertsitatea, eritegien harteko kolaborazioa, arazo sozialak, kultura, hedabideak, kirolak…

5/ Tokiko garapen jasangarri baten alde : azpiegitura proiektuak geldi !
EUSKAL HERRIA BAI borrokatzen da :
Garraio-azpiegitura proiektu guztiak gelditzeko (Nafarroan gaindiko bidea, A63 autopistaren largatzea, abiadura handiko linea berria eta Hondarrabiko aireportuaren handitzea). Alabainan proiektu horiek, « fiteago, urrunago eta usuago » ideologia produktibistari eta enpresa handien interes ekonomikoari soilik erantzuten diete.
Proiektu horiei buruz eztabaida demokratiko zabala burutzeko, beren balio soziala aztertuz bai eta Euskal Herriko ingurumenean eta biztanleen osasunean duten eragina ere.
Garapen iraunkor baten alde, bertako jendearen beharrei erantzuten diena, gure planetaren etorkizuna babesten duena eta zirkuitu ekonomiko laburrak lehenetsiko dituena

6/ Herrian lan eta bizitzeko baldintza duinak denentzat.
EUSKAL HERRIA BAI herritar guziek Euskal Herrian lan eta bizitzeko baldintza duinak izan ditzatzen borrokatzen da :
Tokiko ekonomiak lehenetsiko dituen bestelako ekonomi garapen eredu bat sustatzeko. Eredu horrek prekaritatea, deslokalizazioak eragiten dituzten merkatuaren diktadura eta lehiakortasun legearen ordez, tokiko enplegua suspertu eta herrian lan egin ahal izateko baldintza iraunkorrak helduru dituena.
Bakotxak herrian bizitzeko baldintza egokiak izan ditzan, hasita etxebizitza duin baten ukaiteko eskubidetik. Hortarako, etxebizitzari buruzko egiazko politika proposatzen dugu, espekulazio lotsagarria, bigarren egoitza eta egoitza hutsen fenomenoak geldiarazteko eta etxebizitza sozialen eraikitzeari lehentasuna emanez.

Get the Flash Player