EH BAI : KANTONAMENDU BOZETAKO HAUTAGAITZAREN ZENTZUA 

2008ko kantonamendu hauteskundeetan Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasuna alderdiek elgarrekin presentatuko dira, EUSKAL HERRIA BAI izeneko koalizioan, legebiltzarreko hauteskundeen esperientzia positiboa jarraikiz.

Euskal Herri Iparraldeko biztanle gehienek ere, molde batez edo bestez, Euskal Herriaren alderako beren atxikimendua agertzen dute : Herrialde honen berezitasunari eta euskal nazio gisa bateratzeko duen nahiari eta etorkizunari; hortaratzeko duen erabakitzeko poderea eta azkartuz ahal bezanbatean.

Ipar Euskal Herriari edozein ezagupen instituzionala oraindik ukatua zaiolarik, Paueko Kontseilu Orokorrean ordezkariak hautatzea helburu duten kantonamenduko bozek ukapen egoera hau agerian uzten dute.

Honen aintzinean kantonamenduz kantonamendu, EUSKAL HERRIA BAIen hautagaiek Euskal Herriaren ezagupenari buruzko mezua baikor eta indartsu luzatzen diete herritarrei. Herri honen nazio izaera eta bide demokratiko eta politikoen bidez euskal herritarrek beren geroaz erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatuz, EUSKAL HERRIA BAIen hautagaiek :
Herri honen nortasun berezia goraki defendatzen dute
eta biztanle ororentzako justizi sozialean oinarritu Herri proiektua presentatzen.

Kantonamendu hauteskunde hauetan, EUSKAL HERRIA BAIen hautagaitzaren zerntzua ondoko hiru puntuetan oinarritzen da :
Abertzale bezala, Euskal Herriaren ezagupena Herri gisa eta eskumen zabaleko kuadro instituzionala Ipar Euskal Herriarentzat. Kuadro instituzional honek, gure geroaren jabe izateko aukera bermatuko digu, horretarako inportanteak diren konpetentzi eremuak gure esku utziz, horien artean : garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, « mugaz-gaindiko » harreman delakoak, hizkuntz eta kultura politika.

Progresista bezala, herrian lan eta bizitzeko baldintza duinak denentzat eta hemengo biztanleek gidaturiko garapen jasangarria eramaiteko tresna politikoa eta demokratikoak. Kantonamendu bakoitzaren errealitateaz haraindian, lurralde osoaren ikuspegiari eta biztanleriaren interesari lehentasuna emaiten diegu. Izan dadin enpleguak sortzeko, ura kudeatu edo hondakinen tratatzeko, izan dadin kultura, garraio edo etxebizitza alorretan, kostalde eta barnealde arteko osaide printzipioa et baliabideen mutualizazioa aldarrikatzen ditugu.

Halaber, abertzaleak eta progresistak garen heinean, EUSKAL HERRIA BAIen hautagaiek herritar guzien mesederako egiazko demokrazia parte hartzailea sustatu nahi dute :
Gure klase politiko zati nabarmen baten joera larria den klientelismo hutsa arbuiatzen dugu.
Bat egiten dugu euskal departamenduaren inguruan, Baterak kontsulta baten antolatzeko bultzatzen duen eskariarekin.
Errefusatzen ditugu 2x2 bezalako proiektuak indarrez pasarazteko metodoak.